XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ostirala, urriak 11.

Amak bihar podologo deritzon batengana eraman behar du Susie, garatxoak begira diezazkion.

Ez diot belaunaz hitzik esan, baina beraiekin joan nahi dudala esan diot amari, lagundu asmotan.

Larunbata, urriak 12.

Azkenean podologoa oinetako espezialista da.

Usain txarreko lanbidea dela esan behar, nire oinak aztertu behar izan ezkero behintzat.

Nik belaunean dudana ez dela garatxoa esan du, granoa baizik, eta hobe dudala tuka ibiltzeari uztea.

Oinak begiratu dizkit eta erretolika handi bat bota dit neurriko oinetakoak erabiltzearen garrantziaz.

Bestela igurtzi eta igurtziz granoak eta maskurrak sortzen direla.

Antza denez maskurrak ez dira kutsatzen, nik hala uste nuen arren.

Susieren oinen txanda iritsi denean (eta ez dut ulertzen begiratze hutsa nola jasan zezakeen) oso urduri jarri da eta erretolikan hasi da berriz esanez garatxoak (eskuetakoak zein oinetakoak) BAI kutsatzen direla.

Birusak (eta ba omen da hainbat birus mota, nonbait) azaleko zauri edo urraduretan sartzen direnean ateratzen dira.

Nire atleta-oinen mikosisa bezalaxe, igerilekuan edo aldagelatan harrapa dezakezu.

Errazen harrapatzen dutenak hamabi eta hamasei urte arteko gazteak dira, baina ba omen dira SEKULA harrapatzen ez dutenak, beste batzuek ordea batzuetan bakarrik eta beste batzuek maiz.

Inork ez daki zergatik.

(Egia esan asko da inork ez dakiena).

Kasu hauetako erdiak baino gehiagotan, garatxoak urte pare baten buruan desagertzen dira, ezer egin ez arren.

Agian horrek eman dezake azalpena okela lurpean sartzeak eta hiletetara joateak nola ona DIRUDIEN ulertzeko.